Eskuhartzea

Zer egin dezakegu ume hauei laguntzeko?

Ikasgelan haur batek arreta iraunkor gutxi, gehiegizko jarduera motoriko desegokia eta inpultsibitateagatik eratorritako arazoak dituenean, beharrezkoa da esku hartzeko estrategia batzuk programatzea. Honetarako testuinguruarekin zerikusia duten alderdiak, ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren garapenaren baldintza eta egoerak, ikaskuntza antolatu eta erraztearekin loturiko alderdiak, ikasleen ebaluazioan egokitzapenak, etxeko lanaren antolaketa eta familiarekiko komunikazioa ereduak, eta autokontrola sustatu eta motibazioa areagotzerako bideratutako alderdiak lantzea beharrezkoa da (Ripoll eta Yoldi, 2009).

Esku hartzeko beharra azpimarratzea ezinbestekoa da, jakina baita prozedura hau dela ikaskuntza- eta portaera-arazoei aurre egiteko neurririk eraginkorrena. Esku-hartzea bi esparruetara bideratu behar da: portaeraren kontrola (gizarte-trebetasunak) eta ikaste zailtasunak hobetzea. Bereziki garrantzitsua da irakasleek taldean lan egitea, programatutako informazioa eta hezkuntza-helburuak partekatzea, esku-hartzeari koherentzia eman eta honen eraginkortasuna bilatzeko.

Ikasle horien beharrei erantzun egoki bat eman ahal izateko, testuinguru egokiagoak eraikitzeko estrategiak diseinatzea erronka bat da irakasleentzat; baita estrategia eta jarduteko modu berriak ikasteko aukera bat ere, erabilitako hezkuntza-praktiken etengabeko ebaluazioa dakarrelako.

Esku hartzearen hasierako maila aberastea gomendatzen da, hau da, ikasgelako programazioetan IDUren printzipioak aplikatzea, metodologia eta jarduera egokiak erabiliz eta lan sistematikoa eginez.

Haur batzuentzat, esku-hartzearen bigarren eta hirugarren mailak antolatuko dira ere beharrezkoa bada.

Esku-hartzearen 2. mailak eskatzen du, lehen mailaz baliatzeaz gain, ikasleak laguntza gehigarria izatea, talde txikian gerta daitezkeen ekintza malgu, denborazko eta prebentziozko ekintzen bidez. Euskarri horiek gelako programazioetan eta programazio didaktikoetan zehaztu behar dira, ebaluazio-aktetan jaso eta horretarako diseinatutako esku-hartze plan batean ere jasoko dira.

Irakaskuntza partekatuak esku hartzean parte hartzen duten profesionalen koordinatze uneak eskatzen ditu, elkarrekin ikasgelan, talde txikietan zein banakakoan landutako den hori planifikatzeko xedez.

Detekzio espezifikoko eta ebaluazio psikopedagogikoko prozesuetan AGNHrekin identifikatutako ikasleei Jarduera Plan Pertsonalizatua egingo zaie, honek laguntza-maila espezifikoa, sistematikoa eta intentsiboa eskatuko du, esku hartzearen III. mailari dagokiona hain zuzen ere.

Jarraitua eta hezigarria den ebaluazioa ikasleen aurrerapenak monitorizatzeko  baliagarria izango da, baita esku-hartzea doitzeko eta eskatutako mailari buruzko erabakiak hartzeko ere.

Printzipio didaktikoak

Hauek dira irakaskuntzak oinarri izan behar dituen printzipioak:

  • Indibidualizazio-printzipioa. Haurrak bere erritmoari jarraitu behar dio, eta, horregatik, batzuetan beharrezkoa da curriculum-egokitzapen espezifikoak egitea arlo batzuetan.
  • Jarduera-printzipioa. AGHN duten ikasleek arreta-aldi laburrak eta jarduerak konbinatu behar dituzte.
  • Sekuentziazio-printzipioa. Lanak etapa laburretan banatu behar dira. Zehaztu zenbat denbora emango dion AGHN duen haurrari zeregina egiten, eta egokitu denbora horretara bere lana, pixkanaka handituz, aurrera egin ahala.
  • Arrakastaren printzipioa. Edozein trebetasun ikasten hastean, ikasleen lehen entseguak arrakastatsuak izatea eragin behar du; horrek ikasten jarraitzeko adorea emango die eta gaitasun-sentsazioa areagotuko du.
  • Feedback printzipioa. Ikasten duen bitartean, etengabe jakin behar du zein diren bere portaeraren eta lanen ondorioak. Ez atzeratu errefortzuak eta laguntzak.

Ikasgelan eskuhartzea

  • Bere aldartearekiko interesa erakustea eta zeregin bati aurre egiteko orduan hobeto sentitzeko zer behar duen galdetzea.
  • Lorpenengatik zoriondu.
  • Gela barruko kokapena zainduko da: irakasleen mahaitik gertu, distrakzio-elementuetatik urrun, gainbegiratzea errazagoa izan dadin.
  • Giro egituratua eta aurreikusteko modukoa izatea: ikasgelaren hasieran, gai-zerrenda eta saioa nola egingo den azaltzea. Amaieran, saioaren laburpena egingo dugu, landu duguna gogorarazteko.
  • Eskolako espazio eta/edo agenda bat antolatzea, ordutegia, egutegia, funtzionamendu-arauak, azterketa-datak, lanak entregatzeko datak... jartzeko eta edozein kontsultatarako prest egoteko. Informazioa agenda pertsonalean jasota dagoela egiaztatzea.
  • Idatzizko edo ikusizko gogorarazpenak erabiltzea materiala, zereginak eta abar kudeatzeko.
  • Kontrol-zerrendak erabiltzea.
  • Aldizka, bere mahaiko materiala, motxila, apalak eta abar antolatzen eta ordenatuta mantentzen laguntzea.
  • Saio bakoitzerako ezinbestekoa den materiala baino ez izatea mahai gainean, distrakziorik gabe, aholkatzea.
  • Zeregin luzeak laburragoetan banatu, eta amaitu ahala gehiago eman. Horrela, lanak denbora jakin batean bukatzearen garrantzia indartuko dugu.
  • Denboraren kontrola errazteko estrategiaren bat eskaintzea (hareazko erlojuak, tenporizadoreak...).
  • Lan gehiegi ez egitea. Gutxiago eta kalitate handiagokoak.
  • Etxeko lanak gehiegi ez kargatzea eta gainerako irakasleekin koordinatzea.
  • Zer egin behar duen ulertzen duela ziurtatzea.
  • Agenda gainbegiratzea.
  • Kontaktu bisuala maiz ezartzea, eta, beharrezkoa bada, atentzioa ematea, keinu bat erabiltzea, etengabe ez izendatzeko.
  • Jarraibideak banan-banan ematea eta ulertu dituela ziurtatzea.
  • Ahozko jarraibideak osatzeko, ikus-euskarriak eta modelajea erabiltzea.
  • Arau gutxi erabili, argiak, positiboak, eta maiz gogoratu.
  • Puntu-programak.
  • Ohiko errefortzuak erabiltzea portaera- edo lan-helburuak lortzeko: zorionak, pribilegioak, sariak, aintzatespenak, onespen-keinuak.
  • Intentsitate txikiko portaera desegokiak alde batera uztea eta pertsonaltzat ez hartzea.
  • Dortokaren teknika eta erlaxatzeko eta arnasteko beste teknika batzuk
  • Agindu eraginkorrak ematea: beharrezkoa denean bakarrik, zuzenekoak, pertsonalak, aurrez aurrekoak, banan-banan, ulertu direla ziurtatuz. Betetzen ez bada, errepikatu egiten da, desobedituz gero zer gertatuko den jakinaraziz.
  • Bere zereginak maiz gainbegiratzea eta koadernoa kontrolatzea, behar bezala osatzen laguntzeko.
  • Eguneroko erregistro-orriak erabiltzea: helburu gutxi planteatzea, helburu lorgarriekin, eguneroko balorazioa egitea eta informazioa familiarekin partekatzea.
  • "Berriro irakurri", "gelditu eta pentsatu", "galdera amaitu" eta antzeko galderekin arreta jartzen laguntzea.

Metodologia

  • Modu antolatuan mugitzen uztea, zeregin bati lotutako joan-etorriak egitea (fotokopiak egitea, orriak gelan banatzea, arbela ezabatzea...), erabilgarri senti dadin.
  • Zutik lan egiten uztea.
  • Kontzentrazioa erraztuko duen lan-txoko lasaia izatea.
  • Modu ludiko eta berritzailean lan egitea.
  • Jarduera laburrak, argiak, deigarriak, parte-hartzaileak, manipulatzaileak eta zuzenketa azkarrekoak eskaintzea.
  • Eguneroko lana baloratzea. Desegokitasunari arreta handirik ez jartzea.
  • Bere ahalegina baloratzea.
  • Talde-lana eta taldekako lana erraztea, eta autoerregulazio-estrategiak aplika ditzan laguntzea, zeregina bere gaitasunekin bat datorrela ziurtatuz.
  • Arreta-estrategiak eta arau mnemoteknikoak erraztea.
  • Autoinstrukzioetan entrenatzea.
  • Kontzeptu giltzarriak azpimarratzea, ideia nagusiak idaztea...
  • Antolaketa-estrategiak, materialen zerrendak eta abar ematea.
  • Motibazio-estrategiak, egoera estimulatzaileak eta arrakastatsuak sustatzea.
  • Berritasunen berri ematea, informazioa aurreratzea, laguntza bisualak eskaintzea...

Ebaluazioa

  • Aurretik: irizpideak argi eta ondo definituta izatea, ebaluazio-proba irisgarriak egitea, probak hainbat unetan banatzea, ariketa esanguratsuak proposatzea, enuntziatuan zati garrantzitsua azpimarratzea edo nabarmentzea...
  • Bitartean: gainbegiratzea eskaini proban edo ariketan zehar. Enuntziatua ulertu duela ziurtatzea. Denbora kudeatzen laguntzea.
  • Ondoren: ebaluazio-irizpideetan aldaketak egitea.
  • Hainbat ebaluazio-modu erabiltzea (ahozkoak, idatzizkoak, proiektuen aurkezpena...) eta galdera itxiak, egituratuak, aukera anitzekoak eta test erakoak lehenestea.
  • Galderak ondo egituratzea.
  • Beste faktore batzuk ere kontuan hartzea, hala nola ahalegina, lanak entregatzea, interesa, bilakaera...