Adimen gaitasun handiko ikasleak eskola inklusiboan

Gaur egun, adimen-gaitasun handiei buruzko definizio ugari eta askotarikoak daude. Hezkuntza Inklusibotik jakin behar da adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleek oso talde heterogeneoa osatzen dutela; hala ere, ezaugarri komun batzuk izan ditzakete. Printzipioz, ikasle batzuk duten aparteko gaitasun gisa ulertuko dugu; baina ez dago estereotipo bakar bat, halako ikasleen artean beste ikasleen artean bezain beste diferentzia baitaude.

Renzullirentzat, adimen-gaitasun handia duen pertsona bat erlazio estua duten ezaugarrien oinarrizko hiru multzo bereizezin dira:

  • batezbestekoaz gaindiko adimen-gaitasuna
  • sormen-maila altuak
  • lanen aurrean motibazio eta dedikazio handia izatea

Ezaugarri horiez gainera, adimen-gaitasun handiko ikasleek beste ezaugarri batzuk ere badituzte, hala nola:

  • jakingura eta ikasteko gogo handia
  • sentiberatasun eta intentsitate emozional handia
  • behaketa-gaitasunak eta oroimen bikaina
  • aparteko ahozko gaitasuna, arrazoimena eta sormena

Beraien ezaugarriengatik hezkuntza laguntzako berariazko premiak eduki ditzakete zenbait esparrutan:

  • Emozionalak: nork bere burua ezagutzeko beharra eta besteen errekonozimendu-beharra, planifikazio-prozesuetan esku hartzeko beharra, proposamen malguagoak jasotzeko beharra…
  • Sozialak: besteek onar ditzaten beharra, elkar banatzeko beharra, laguntzeko beharra…
  • Intelektualak: irakaskuntza eta hezkuntza-baliabide egokituak izateko beharra. Lan autonomorako tokia uzten duen eta lan-erritmo pertsonala errespetatzen duen antolamendua behar dute, hori guztia, irakasleen orientazio, estimulu eta gidaritzapean.
  • Litezkeen disinkronietatik eratorritako beharrak:

Kanpo-disinkronia

  • Haurra / eskola disinkronia: disinkronia mota hori gertatzen da adimen-gaitasun handiko haurraren buru-garapena ikaskideena baino handiagoa denean.
  • Haurra / familia disinkronia: gertatzen da gurasoek ez dituztenean haurraren goiztiartasuna, talentua edo supergaitasuna behar bezala estimulatzen edo tratatzen.

Barne-disinkronia:

  • Disinkronia adimenaren eta psikomotrizitatearen artean, adimenaren eta lengoaiaren artean, garapen intelektualaren alderdi desberdinen artean...
  • Adimen-gaitasunaren eta gaitasun afektiboaren arteko disinkronia; buru-aberastasuna prozesatzeko gai ez izatea, emozioak, beldurrak eta larritasuna ulertzeko zailtasunak izatea edo jaso daitekeen informazio guztia bereganatzeko zailtasunak.
  • Ikaskideekiko disinkronia, interes edo behar desberdinak izateagatik. Ikaskide zaharragoak aukeratu ohi dituzte, haiekin hitz egin baitezakete eta interes antzekoagoak baitituzte.