Aurkezpena

Eskola inklusiboa garatzeko Esparru Planak (2019-2022) azpimarratzen du hezkuntza-arloko esku-hartzeak pertsona guztien eskubideak aintzat hartu behar dituela, eta ikasle guztien ahalmenak ahalik eta gehien garatzea bermatu behar duela. Hezkuntza-sistemaren erronka estrategikoetako bat aniztasunari arreta ematea denez, erantzun horrek adimen-gaitasun handiko ikasleei arreta ematea aurreikusten du, ikuspegi zabal eta inklusibo batetik.

Adimen-gaitasun handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko plana (2019-2022) dokumentuan azpimarratzen da hezkuntza-praktikak malgua izan behar duela eta neurri espezifikoak hartu behar dituela sortzen ari diren premiei erantzuteko. Horrek esan nahi du eremu jakin bat, kasu honetan gaitasun handiko ikasleena, bereziki eta sakontasunez landu behar dela, haien beharretara egokitutako proposamenak eta eskola inklusiboarekin eta bizikidetza positiboarekin koherenteak direnak lortzeko.

Hezkuntza-sistemaren erantzukizuna da adimen-gaitasun handiko ikasleei erantzun egokia eskaintzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzea. Era berean, irakasleei, ikasleei eurei, haien familiei eta beste eragile batzuei dagokie erantzukizuna hartzea, erantzunak ikasleengan arrakasta izan dezan.

Garrantzitsua da gaitasun handiko ikasleak hautemateko eta identifikatzeko beharra nabarmentzea, hezkuntza-erantzun egokia emateko. Izan ere, gaitasun handia duten eta errendimendu txikia agertzeagatik eta/edo sormen-maila handiak izateagatik identi­fikatzen ez diren ikasleek arrisku handiagoa dute ongizate psikologiko txikiagoa izateko, eskola-porrota jasate­ko, beren aukerei dagokiena baino errendimendu txikiagoa izateko eta helduaroan beren talentua ez agertzeko (Kroesbergen et al., 2016).

Gaitasun handiko ikasleek beren ahalmena garatzeko eta beren eskola-errendimendua hobetzeko aukera izango dute hezkuntza beren premia berezietara egokitzen bada (Dixon, Yssel, McConnell eta Hardin, 2014; Kroesbergen et al., 2016; Pérez, 2006; Pérez eta Betrán, 2010; Schmitt eta Goebel, 2015; Subotnik et al., 2011; VanTassel-Baska, 2015; Van Tassel-Baska eta Brown, 2007).

Esku hartzeko printzipioak

1. Inklusioaren printzipioaEskola inklusiboa kalitateko hezkuntza jasotzeko aukera unibertsala bermatzen duena eta ikasle guztiek bizitzarako konpetentziak ikaskuntza eta bizikidetza positiboko gune komun batean ahalik eta gehien gara ditzatensustatzen duena da.

2. Prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren printzipioaJarduketa eraginkor baten oinarria hezkuntza-premien detekzio goiztiarra da. Horretarako, ikastetxeek zorrotz beteko dituzte garapena zaintzeko neurriak eskolatzearen hasieran, Haur Hezkuntzan bereziki, arreta integratu baten esparruan. Adimen-gaitasun handiaren profil guztien eta haien hezkuntza-premien detekzio eta identifikaziogoiztiarra eta dimentsio anitzekoa lagungarria da hezkuntza-arloko esku-hartze pertsonalizatuak, inklusiboak eta eraginkorrak diseinatzeko. Esku-hartze horiek, nolanahi ere, ikasleen garapena optimizatzera, haien ongizatea sustatzera eta epe luzean errendimendu handia lortzera bideratuta egongo dira.

3. Parte-hartzearen eta lankidetzaren printzipioa. Printzipio hori partekatutako alderdiak bateratzean eta, era horretan, helburu komunak lortzean datza. Prozesu jakin batean lankidetza-alderdiak txertatzearen bidez, talde bateko kideen komunikazio hobea eta parte-hartze eta konpromiso handiagoa lortu nahi da, hezkuntza-arloko esku-hartzearen kalitaterako mesedegarria izango baita. Hezkuntza-sistemak euskarri-sare bat sustatuko du gaitasun handiko ikasleei eman beharreko erantzunaren inguruan, erantzun bateratu bat eskaintzeko. Horretarako, hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten erakun­deen, ikasleen familien eta, bidezkoa denean, foru-aldundietako oinarrizko gizarte-zerbitzuen edo espezializa­tuen eta osasun-arloko profesionalen laguntza jasoko dute.

4. Genero-agerikotasunaEkitatearen printzipiotik abiatuta, ikasleei eman beharreko erantzunak haien premietara egokituta egon be­har du. Horretarako, plan honen esparruan, erantzun diferentziala emango da, aniztasuna –eta, bereziki, ge­nero-aniztasuna– txikitatik kontuan hartuta. Izan ere, eremu horretan egindako azterlanek behin eta berriz erakusten dute gaitasun handiko neska gutxiago identifikatzen direla.

5. Hezkuntza-arloko esku-hartzearen malgutzea eta pertsonalizazioa. Ikasleen talentua eta bikaintasuna garatzeko zereginean, hezkuntzak aktiboki inplikatu behar du gaitasunik han­dienak dituzten ikasleak zein diren, ikasteko nolako ahalmena duten eta oinarrizko zer hezkuntza-neurri hartu behar diren jakiteko. Hezkuntza-erantzun pertsonalizatua, arina eta berehalakoa behar da ikasle bakoitzaren hezkuntza-premiei erant­zuteko. Malgutzearen bidez, eskolak ikasleen ikaskuntza-ibilbideak pertsonalizatzen ditu. Ikaslea eta ikaskuntza ardatz izango dituen eta ikasleen premia eta motibazioen aurrean malgu jokatuko duen eskola bat behar da.

 

6. Irakaskuntzaren pertsonalizazioa eta dibertsifikazioaHezkuntza inklusiboan, pertsonalizatzeak eta dibertsifikatzeak ikasleei beren premia, interes, motibazio eta gaitasunetara egokitutako hezkuntza- eta ikaskuntza-esperientziak izateko aukerak ziurtatzea esan nahi du. Aukera horiek, nolanahi ere, askotarikoak izango dira, eta zeharkako eta diziplinako konpetentzien garapenik handiena lortzeko aukera eman behar diete ikasleei.

7. Hezkuntza-agenteen prestakuntzaEsku-hartze egoki eta eraginkor bat egiteko, ezinbestekoa da gaitasun handiko ikasleen funtsezko alderdiak ezagutzea. Hori dela eta, esku-hartzean parte hartu behar duten agente guztiek prestakuntza egokitua eta egu­neratua jaso behar dute hezkuntza-agente guztien, Sailaren laguntza-zerbitzuen, Hezkuntza Ikuskaritzaren eta ISEI-IVEIren arteko lankidetzaren eta erantzukizun partekatuaren bidez, eta, hala badagokio, unibertsitatearen laguntzarekin edo beste agente espezifiko batzuen esku hartzearekin.

Prestakuntzak gaitasun handiko ikasleen ezaugarri, ahalmen eta ahuleziekiko jarrera inklusiboak eta errespe­tuzkoak garatzea izango du helburu, eta ikasle horien ikasgelako parte-hartze akademikoa, soziala eta emozio­nala hobetzeko ekintzak bultzatuko ditu.

8. Ebaluazioa eta jarraipena. Gaitasun handiko ikasleekiko esku-hartzeak hezkuntza-prozesuan aurrera egiteko hainbat aukera hartu behar ditu kontuan. Testuinguru horretan, hartutako neurrien eta aplikatutako prozeduren ebaluazioa, ikasleen gara­penaren ebaluazioa eta ikasleen ongizate pertsonal eta sozialaren mailaren ebaluazioa ezinbestekoak izango dira prozesuak ikasle horien premietara egokitzeko. Ebaluazioa, beraz, ikasle horiekiko hezkuntza-arloko esku-hartzea berrikusi eta egokitzeko elementu lagungarria da.

9. Maila batetik bestera igarotzeko prozesuei eskaini beharreko arreta berezia. Ikasleek eta haien familiek Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara edota Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkunt­zara igarotzean planteatzen dituzten premietara egokitutako hezkuntza-erantzun bat eskaintzeko egin beha­rreko jarduketak koordinatzeko ahaleginak egingo dira.

-> Hezkuntza orientabideak. Adimen gaitasun handiko ikasleak (2013)