Curriculuma dibertsifikatzeko programak | 25. art.

1.– Curriculuma dibertsifikatzeko programak aniztasunari erantzuteko neurri bat dira, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren edo laugarren mailetan eskolatuta egonik ikasteko zailtasun bereziak dituzten, ikasteko beste erritmo bat duten edo eskola-ingurunera egokitzen ez diren ikasleentzat dira (hor ez dira sartzen ikasteko ahalegin faltaren ondoriozko arazoak dituztenak). Programak ikasle horiei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzen laguntzeko dira.

2.– Ikasleei berei eta gurasoei edo legezko tutoreei entzun ondoren, ikasleak programa hauetan sartu ahal izango dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hirugarren mailatik aurrera, irakasle-taldeak hala proposatuta. Proposamen horretan jaso beharko dira batetik, ikaslearen ebaluazio akademikoa eta ebaluazio psikopedagogikoa, eta, bestetik, Orientazio Departamentuak ikaslea programan sartzeko proposamena egiteko ikasturte-bukaeran egin beharreko txostena ere. Txosten horretan, gainera, helburuak eta ezarritako konpetentziak zenbateraino lortu diren adierazi behar da.

3.– Curriculuma dibertsifikatzeko programak, oro har, bi ikasturte dira, hirugarren mailatik aurrera eta etapa amaitu arte. Salbuespen gisa, laugarren maila amaitzean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu–titulua lortzeko moduan ez dauden ikasleak proposatu ahal izango dira programan sartzeko, baldin eta irakasle-taldeak uste badu neurri horri esker titulu hori lortuko dutela etaparako aurreikusitako iraupen-mugak gainditu gabe.

4.– Programa horiek curriculum-antolaketa jakin bat behar dute, oro har ezarritakoaz bestelakoa. Diziplinarteko eremu edo proiektuen bidez garatuko dira. Bi kasuetan, programan parte hartzen duten ikasleen taldeko eta banakako tutoretza indartuko da, eta programari dagokion Tutoretza Planean jasoko da.

5.– Diziplinarteko proiektuen bidez antolatuz gero, programako ikasleek talde arruntetan izango dituzte hirugarren eta laugarren mailetako ikasgai guztiak.

6.– Eremuen arabera antolatutako programa bat aukeratuz gero, ikasleek bi eremu espezifiko eta etaparako ezartzen diren eta eremuetan jasotzen ez diren gutxienez hiru ikasgai izango dituzte (azken horiek talde arruntean egingo dituzte oro har). Gainera, izaera praktikoko eremu bat jarri ahal izango da. Bi eremu espezifiko horiek honela osatuko dira:

a) Hizkuntza- eta gizarte-eremua: Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Atzerriko Hizkuntza eta Geografia eta Historia ikasgaien oinarrizko alderdiak biltzen ditu.

b) Eremu zientifiko–teknologikoa: Matematika; Biologia eta Geologia; Fisika eta Kimika, eta Teknologia eta Digitalizazioa ikasgaien oinarrizko alderdiak biltzen ditu.

7.– Curriculuma dibertsifikatzeko programa bat egiten duen ikasle orok Jarduera Plan Pertsonalizatu bat izan behar du.

8.– Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarriko ditu, berariazko deialdien bidez, programa horiek aurrera eramateko baldintzak.

Informazio gehiago «euskadi.eus» webgunean