Ebaluazioa, mailaz igarotzea eta titulazioa
Haur Hezkuntzako ebaluazioa eta, hala badagokio, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko ebaluazioa, sustapena eta titulazioa arautzen dituen Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 22ko AGINDUAren arabera...
6. artikulua.– Berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen ebaluazioa.
1.– Hezkuntza-premiak goiz atzematea oinarrizko jarduketa-printzipio bat da haurrak eskolatzen diren unetik. Irakasle eta hezkuntza-langile guztiek aktiboki parte hartu behar dute inklusiorako oztopoak goiz atzematen. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programak eta protokoloak aginduzkoak izango dira, eta funts publikoekin babestutako ikastetxe guztietan aplikatu beharko dira.
2.– Ikastetxeek neurri egokienak hartuko dituzte ebaluazioarekin lotutako prozesuak gauzatzeko baldintzak berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen inguruabarretara egokitu daitezen, indarra duen araudiari jarraituz. Ebaluaziorako erabili beharreko tresnak ikasleen ikaskuntza-egoera desberdinetara moldatuko dira.
3.– Hezkuntza-inklusioa bermatzeko hartzen diren antolaketa-, metodologia- eta curriculum-neurriak Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei jarraitu behar diete, ikasle guztiek hezkuntza-arrakasta lor dezaten.
4.– Ikastetxeetan aniztasunari erantzuteko hartzen diren neurri guztiak ikastetxeko hezkuntza-proiektuko curriculum-zehaztapenean jasoko dira. Xede izango dute ikasle guztiei aukera ematea konpetentziak irteera-profilean aurreikusita dagoen adina garatzeko eta etapa bakoitzeko helburuak lortzeko.
7. artikulua.– Jarduketa-plan pertsonalizatua duten ikasleen ebaluazioa.
1.– Irakasle taldearen ardura da jarduketa-plan pertsonalizatua prestatzea, aplikatzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea, irakasle tutoreak gidatuta eta ikastetxeko irakasle aholkularien edo orientatzaileen aholkularitzarekin.
2.– Plan horrek zehaztuko ditu ikasturtea ebaluatzeko eta mailaz igotzeko irizpideak, ikaskuntza-helburuen eta ikaslea matrikulatuta dagoen ikasturteari curriculum-erreferentzia eginez ezarri diren konpetentzien arabera. Irizpide horiek irakasle talde osoak adostu behar ditu, eta aditzera eman behar zaizkie ikasleei eta ikasle adingabeen guraso edo legezko tutoreei. Norbanako curriculum-egokitzapena (NCE) edo Laguntza Intentsiboko Programa (LIP) duten ikasleen kasuan, haietan ezarritakoak izango dira ebaluazio-irizpideak.
3.– Salbuespen gisa, Jarduera Plan Pertsonalizatuak (JPP) arlo, jakintzagai edo eremu batzuk aldi baterako ez kalifikatzea ekar dezake, baldin eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programa baten barnean ikasleak ez badu izan, agindu honen 30.7 artikuluan jasotzen denaren arabera, arlo, jakintzagai edo eremu horren ikasketarik. Hala denean, plan horretan neurri berezi horren iraupena zehaztu beharko da, eta erabaki hori justifikatu.
4.– Ikaslearen bilakaera ikusita, jarduketa-plan pertsonalizatua noiznahi amaitu daiteke, hasieran ezarritako epea bete aurretik, ikaslearen tutoreak hala proposatu eta plana gauzatzen ari den irakasle taldeak onartuz gero. Zuzendariaren oniritzia beharko da JPPa amaitzeko.
5.– Jarduketa-plan pertsonalizatua eta, behar denean, haren amaiera ikaslearen espediente pertsonalean jaso behar dira honako kasu hauetan: hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programak, edo curriculum-egokitzapen garrantzitsuak.
30. artikulua.– Kalifikazioak
(...)
7.– Baldin eta, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programa baten barruan, salbuespenez eta aldi baterako, jarduketa-plan pertsonalizatuak ezartzen badu ez dela kalifikatuko arlo edo ikasgairen bat, «Kalifikaziorik gabe» (KG) esapidearekin adieraziko da kalifikaziorik eza. Horrelakoetan baldintza hauek bete beharko dira:
a) Ikasleak aurreko ikasturteetan arlo, jakintzagai edo eremu horretako ikasketarik egin ez izana.
b) Ikaslearen jarduketa-plan pertsonalizatuan ez agertzea arlo, ikasgai edo esparru horren curriculum-garapena.
c) Arlo, ikasgai edo esparru hori gehienez ikasturte bat egotea kalifikaziorik gabe.
8.– Norbanako Curriculum Egokitzapen bat onartuta daukaten ikasleentzat, kalifikazioa ikaslearen lorpenen araberakoa izango da, Jarduera Plan Pertsonalizatuaren barruan ikasleak bere NCEan ezarrita dauzkan ebaluazio-irizpideei dagokienez.
BCE bat gainditzeak erreferentziako etapa edo maila bateko helburuak gainditzea dakarrenean, inguruabar hori eginbide baten bitartez agerraraziko da ikaslearen espedientean, eta adieraziko da noiz eta zein mailatan gainditu dituen ikasleak helburu horiek. NCE horren bidez gainditu den curriculum-erreferentzia ere eginbide baten bitartez jasoko da espediente akademikoan.
BCEa duten arlo, ikasgai edo esparruek, arau orokor gisa, kalifikazio positiboa izango dute. Salbuespenezko kasuetan bakarrik kalifikatu ahal izango dira Gutxiegi (GU) terminoarekin, irakastaldeak behar bezala justifikatuta.
BCEa duten arlo edo ikasgaiak, nahiz eta haien curriculum-erreferentzia aurreko mailetakoa izan, ez dira sartuko akta osagarrietan.
31. artikulua.– Mailaz igarotzea edo ikasturte berean egotea, salbuespen neurri gisa.
(...)
6.– Arlo, jakintzagai edo eremuren batean ebaluazio negatiboa dutela hurrengo mailara igarotzen diren ikasleei jarduera plan pertsonalizatuak ezarriko zaizkie.
(...)
9.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, maila errepikatu ondoren ikasleak ez baditu betetzen hurrengo mailara igotzeko baldintzak, orientazio-sailaren aholkuz eta gurasoei edo legezko tutoreei informazioa eman ondoren, ikasle horrek ikasten jarraitzeko zer aukera dituen azalduko du irakasle taldeak, orientazio-aholku baten bidez, ikaslearen premiei eta interesei erreparatuta:
a) Ikasleak lehen maila egin badu, bigarren mailara igarotzea proposatuko da, errefortzu-neurriak hartuta, edo, bestela, hezkuntza-errefortzuko berariazko proiektu batean sartuko da.
b) Ikasleak bigarren maila egin badu, aukera hauen artean proposatuko da: hirugarren mailara igarotzea errefortzu-neurriekin, curriculuma dibertsifikatzeko bi ikasturteko programa batera igarotzea, edo Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batera igarotzea, azken horretan sartzeko baldintzak betetzen baditu.
c) Ikasleak hirugarren maila egin badu, laugarren mailara igarotzea proposatuko da, errefortzu-neurriak hartuta, edo, bestela, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean sartuko da.
d) Ikasleak laugarren maila egin badu eta titulua eskuratzeko baldintzak betetzen ez baditu, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean sar dadila proposatuko da, edo, bestela, laugarren mailan beste urtebete egin dezala, dela talde arrunt batean, dela, salbuespenez, curriculuma dibertsifikatzeko programa batean. Beste urtebete egin ahal izateko laugarren mailan, artikulu honetako 2. puntuan ezarritako baldintzak bete behar dira.
10.– Curriculuma dibertsifikatzeko programa amaitzean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko moduan ez dauden ikasleek, adinari buruz ezarritako baldintza orokorrak betetzen badituzte, beste urtebete egin dezakete programan, baldin eta irakasle taldeak uste badu titulua lortzeko aukera onak dituztela.
11.– Arlo edo ikasgai guztiak gainditu gabe hurrengo mailara igarotzen diren ikasleek matrikula egin beharko dute gainditu gabeko arlo edo ikasgaietan, irakasle taldeak ezarritako indartze-programak bete beharko dituzte, eta programa horiei dagozkien ebaluazioak gainditu. Arlo edo ikasgai horietako kalifikazioak akta osagarrietan jasoko dira.
ikusi ekainaren 18ko 78/2024 Dekretuaren VI. kapitulua