Eskuhartze mailak

Aniztasunari erantzuteko ardura eta erantzukizuna eskola-komunitate osoari dagozkio.  Aniztasunari erantzuteko neurriak eta laguntzak dira eskola inklusiboaren esparruan ikasleen aniztasuna aitortu, errespetatu eta balioesten duten eta oinarrizko gaitasunak eskuratzeko garapen integrala errazten duten ikaskuntzarako eta partaidetzarako sarbide-oztopoak gainditzera bideratutako hezkuntza-jarduera guztiak.

Hauek antolatzeko, maila ezberdinetan aritu behar da eta bakoitzaren eginkizuna definitu. 

Ikastetxearen dokumentu guztietan islatu behar da. 

Metodologia inklusiboaren neurri orokorretatik abiatuko gara eta, horiek nahikoak ez direnean, berariazko neurriak hartuko dira, eta hauek nahikoak ez direnean, ez-ohiko neurriak. 

ESKOLA

Eskolak elkarbizitzarako eta ikaskuntzarako inguru seguruak sortu behar ditu, ikasle bakoitzak oinarrizko gaitasunak ahalik eta gehien garatu ditzan. Aniztasunari erantzuteko neurriek ikasleen hezkuntza-premiei erantzun behar diete ingurune normalizatu eta inklusibo batean, ikasleen interesak, motibazioak eta ikasteko gaitasunak kontuan hartuta, eta eskolako eta eskolaz kanpoko programak sakontzea, aberastea eta zabaltzea ere ahalbidetuko dute. 

IKASTALDEA ETA IKASGELA

Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren markoan, lehenengo urratsa ikasleak ondo ezagutzea da. Gure lana horretan oinarrituko dugu. Ikasleen profiletik abiatuko gara ikastaldearen profila ezagutzeko: indarguneak eta oztopoak, lehentasunak, interesak… eta horiek kontuan hartuko ditugu planifikazioan. 

IKASLEA

Ikaslearen garapen orekatua aintzat harturik,  hiru dimentsioak dituen proposamena aurkezten dugu.