Helduarora igarotzeko programak
1.– Helduarora Igarotzeko Programak desgaitasun larri bati lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat dira, derrigorrezko eskolaldia amaitu ondoren Oinarrizko Lanbide Heziketan sartzen ez direnentzat. Gehienez ere lau ikasturtetarako hartuko dira ikasleak orokorrean, 20 urte bete arte. Salbuespen gisa, eskolatzea 21 urtera arte luzatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta irakasle-taldeak uste badu Helduarora Igarotzeko Plan Pertsonalizatuan ezarritako oinarrizko konpetentziak lortu ditzaketela.
2.– Programa horiek Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan emango dira; berariazko programazioa izango dute, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan integratua, eta ikasle bakoitzak Jarduera Plan Pertsonalizatua izango du. Plan horretan bilduko dira bizitzan hobeto moldatzeko, ingurune komunitarioan modu aktiboan sartzeko, laneratzeko eta ongizate pertsonalerako beharrezkoak diren konpetentzia espezifikoak eta zeharkakoak bermatuko dituzten helburuak. Programak ikasgela ireki gisa garatuko dira, hezkuntza-komunitatean adin bereko ikasleekin sartzeko.
3.– Helduarora Igarotzeko Programek, hezkuntza-erantzuna diseinatu eta gauzatzeko, kontuan hartuko dituzte ingurunean dauden eta helduen bizitzarako garrantzitsuak izango diren gizarte- eta osasun-arloko zerbitzuak.
4.– Helduarora Igarotzeko Programak bi motatakoak izango dira:
a) Zereginen Ikaskuntzarako Programak. Desgaitasun intelektual larria edo moderatua duten eta konpetentzia espezifikoak eta zeharkakoak lortu ditzaketen ikasleentzako programa espezifikoak dira, eta, horiei esker, ikasle horiek enplegu babestu batean edo, laguntzarekin, ohiko lanpostu batean lan egin dezakete eta, neurrizko laguntza-mailarekin, bizimodu independentea izan dezakete komunitatean.
b) Autonomia Pertsonal eta Sozialerako Programak. Desgaitasun larria duten eta laguntza orokorrak behar dituzten ikasleentzako berariazko programak dira. Laguntza orokor horien artean hauek daude: lanerako zerbitzuak, bizitegi-unitateak, eguneko zentroak eta helduaroan autonomia eta ongizatea garatzeko laguntza pertsonalak.
Derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko eredua eta prestakuntza jarraipena