Hezkuntza-erantzuna hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan | 23. art.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 77/2023 DEKRETUAREN 23. artikuluaren arabera, hezkuntza-erantzuna hezkuntza-sistema inklusibo baten esparruan…

1.– Eskola inklusiboaren esparruan, ikasle guztiei dagokie hezkuntza-arreta, eta, egoera arruntean, hezkuntzan ekitatez eta aukera berberekin sartzeko eta hezkuntza-arrakasta izateko behar diren neurri eta laguntzen onuradun izan behar dute.

2.– Aniztasunari erantzuteko neurriek ikasleen hezkuntza-premiei erantzun behar diete ingurune normalizatu eta inklusibo batean. Horretarako, ikasleen interesak, motibazioak eta ikasteko gaitasunak kontuan hartuko dira, eta neurriok, betiere, Oinarrizko Hezkuntzako helburuak eta dagokion titulazioa lortzeko bidea eman behar diete.

3.– Ikasteko eta parte hartzeko oztopoak gainditzeko hezkuntza-jarduketa guztiak dira aniztasunari erantzuteko neurriak. Eskolak ikasleen aniztasunari erantzun diezaion profesionalek erabiltzen duten testuinguruko edozein elementu jotzen da laguntzatzat (elementu pertsonala, antolaketakoa, materiala edo metodologikoa).

4.– Hezkuntza-premiak goiz atzematea oinarrizko jarduketa-printzipio bat da, eskolaldiaren hasieratik eta Oinarrizko Hezkuntzan zehar. Irakasle eta hezkuntza-langile guztiek aktiboki parte hartu behar dute inklusiorako oztopoak goiz atzematen. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programak eta protokoloak aginduzkoak izango dira, eta funts publikoekin babestutako ikastetxe guztietan aplikatu behar dira.

5.– Ikastetxeei dagokie ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren ikuspegian oinarritutako elkarbizitza- eta ikaskuntza-ingurune seguruak sortzea eta eraginkortasunez ziurtatzea etapa batetik besterako urratsak eta prestakuntzako ibilbidea.

   77/2023 DEKRETUAren 23-29 artikuluak ikusi

   ikusi aniztasunari erantzuteko neurriak eta laguntzak 78/2024 DEKRETUAN