Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua goiz detektatzeko gida

Gida honen bidez, irakasleei lagundu nahi zaie hizkuntzaren garapenaren nahasmendua detektatzen eta identifikatzen, profesionalen jarduerak eta horretarako beharrezkoak diren tresnak ezartzen dituen prozedura eskainiz. Hainbat profesionalen koordinazioa eta lankidetza eskatzen du: tutorea, Entzumen eta Hizkuntzako irakasleak (EHI), aholkularia, Hezkuntza Laguntzako Berariazko Premien aholkularia (HLBP)... Gainera, ezinbestekoa da aipatutako hezkuntzako profesionalen eta familiaren elkarlana.

Gidak balio behar du ikastetxeetan eta, zehazki, Haur Hezkuntzako etapan, Hizkuntzaren Garapenaren Nahasmendua (HGN) garaiz detektatzeko eta identifikatzeko prozesuak hasteko eta ezartzeko. Horretarako, hizkuntzaren eta garapenaren beste arlo batzuen ebaluazio zehatza egingo da, haurraren indar guneak eta ahuleziak identifikatuko dira,  HGNa duen ikasleari komunikazio- eta hizkuntza-gaitasuna garatzen eta beste eremu batzuetan (pertsonala, soziala, akademikoa...) eragina gutxitzen lagunduko dioten jarduera-plan pertsonalizatuak abian jartzeko. Haurraren (subjektuaren) gaitasunak baloratzearekin batera, ikasgelaren testuingurua  baloratu behar da.

Azken batean, ezinbestekoa da HGNaren kontzientziazioa, ezagutza eta ulermena sustatzea irakasleen, familien edo legezko tutoreen eta haurraren gizarte-ingurunearen artean, HGNa duten ikasleen inklusioa, ongizate emozionala eta soziala eta arrakasta akademikoa bermatzeko.

Hauek dira gidaren helburuak:

  • Hezkuntza-komunitateak Hizkuntzaren Garapenaren Nahasmendua (HGN) ezagutzen duela bermatzea.
  • Hezkuntza-komunitatea kontzientziatzea, ikastetxeetan detekzio- eta esku-hartze goiztiarreko prozesuak ezartzearen garrantziaz eta horiek irakaskuntzako ohiko jardunean sartzea.
  • Hizkuntzaren Garapenaren Nahasmendua garaiz detektatzearen garrantziari buruzko gogoeta sustatzea, ikasle horien hizkuntza-komunikaziorako gaitasunaren garapenean esku-hartze goiztiarra planifikatzeko.
  • Hizkuntzaren Garapenaren Nahasmendua (HGN) goiz detektatzeko eta identifikatzeko prozesu bat ezartzea profesional bakoitzaren jarduna zehaztuz.
  • Hizkuntzaren Garapenaren Nahasmendua (HGN) detektatzeko eta identifikatzeko prozesuan hezkuntza-eragileei jarraibideak eta tresnak ematea.
  • Ikastetxeko profesionalen arteko lankidetza sustatzea eta horiek egin beharreko jarduerak zehaztea.
  • Detekzio-prozesuan ikastetxearen eta familiaren arteko koordinazioa eta lankidetza sistematikoa bultzatzea.
  • Hainbat eragileren arteko koordinazioa eta sareko lana bultzatzea (osasun-sistema, gizarte-sistema, arreta goiztiarra...).
  • Ondorengo hezkuntza-etapetan HGNa duen ikaslearen hezkuntza-erantzunaren jarraitutasuna bermatzea.

Gida ikusi