Oinarrizko Heziketa Zikloak | 29. art.

1.– Oinarrizko Heziketa Zikloak Oinarrizko Hezkuntzaren parte dira, Lehen Hezkuntzarekin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin batera. Lanbide Heziketaren prestakuntza-eskaintza osatzen dute, Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloekin batera.

2.– Ziklo horiek, lehentasunez, lanbide-ikaskuntzekin bereziki motibatuta daudenentzat dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak ikasteko eta lortzeko aukera gehien lanbide-munduarekin lotutako ingurune batean duten ikasle horientzat.

3.– Oinarrizko Heziketa Ziklora sartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira batera:

a) 15 urte beteta eduki behar dira, edo ziklora sartzen den urte naturalean bete behar dira.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila egina izan behar da. Salbuespenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila egin ondoren ere sartu ahal izango da.

c) Orientazio Kontseiluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle-taldearen gomendioa jaso izana.

4.– Oinarrizko Heziketa Ziklo bateko modulu guztiak gaindituz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lor daiteke, bai eta espezialitateko oinarrizko teknikariaren titulua ere, eskuratutako lanbide-konpetentziak egiaztatzen dituena.

5.– Oinarrizko Heziketa Zikloek honako eremu hauetako ikasketak antolatuz erraztuko dute irteerako konpetentzia-profilean ezarritako konpetentziak eskuratzea:

a) Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien eremua. Barnean hartzen ditu Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Gizarte Zientziak eta Lanbide Hastapeneko Atzerriko Hizkuntza ikasgaien oinarrizko alderdiak.

b) Zientzia Aplikatuen eremua. Barnean hartzen ditu Matematika Aplikatuak eta Zientzia Aplikatuak ikasgaien oinarrizko alderdiak.

c) Lanbide-eremua. Barnean hartu behar du, gutxienez, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako kalifikazio bat lortzeko beharrezkoa den prestakuntza (katalogo hori Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 7. artikuluan ageri da).

6.– 77/2023 Dekretuaren IV. eranskinean zehazten dira ikasleek eremu hauetan lortu behar dituzten ikaskuntzak...