Mugitzeko desgaitasuna
Mugitzeko desgaitasuna (MD) duten ikasleak dira, sistema osteoartikular, giharre-sistema eta/edo nerbio-sistemaren funtzionamendu txarraren ondorioz modu iraunkorrean edo aldi baterako mugimenduaren alterazio bat dutenak. Alterazio honek adin kronologikoari dagozkion zenbait jarduerari aurre egiteko orduan maila ezbedinetako zenbait muga dakartza (CREENA, 2000).
MD nerbio-sistema zentralaren, giharre-sistemaren, hezur-sistemaren edo gorputzaren zati baten edo batzuen mugikortasun funtzionala zailtzen edo eragozten duen sistemen arteko interakzio baten funtzionamendu eskasak eragindako mugimen-aparatuaren alterazio bat da. MD duen haurrak aldi baterako edo modu iraunkorrean alterazio bat du bere aparatu motorrean, zailtasunak edo ezintasunak ditu mugimenduak burutzeko, eta ez dute zertan adimen-desgaitasunik izan behar. Desgaitasun mota honek gorputz-jarrera, joan-etorri eta mugimenduen koordinazioan zenbait muga dakartza.
Ikuspegi anatomikotik, nerbio-sistema bi ataletan banatzen da: Nerbio Sistema Zentrala, garunak eta bizkar hezur muninak osatzen dutena eta eta Nerbio Sistema Periferikoa, sustraiek eta nerbio periferikoek osatzen dutena.
Mugitzeko desgaitasuna maila desberdinetan ematen da (arina, moderatua eta larria) eta ezin da diagnostiko baten arabera orokortu, izan ere subjektu bakoitzak gaitasun funtzional desberdina izan dezake defizit mota bera izanda. Beraz kontutan izan behar dugu haurraren mugimendu-hondarren aprobetxamendua eta haurrak zein mugimendu exekuzio-mota egin dezakeen.
Funtsezkoa da ingurunea irisgarria izatea eta MD duten pertsonen autonomia erraztu ahal izatea, parte hartzeko eta ikasteko oztopoak ezabatuz. Oztopo horiek haurrak berezko dituen benetako aukeren pertzepzioa aldatu eta autonomiaren garapena baldintzatu dezakete.
Laguntza-produktuak (gurpildun aulkia, andadorea, makuluak, protesiak...) MD duten ikasleen hezkuntza-erantzunari lotutako baliabideak dira.
Bestalde, komunikazio-sistema handigarriak eta ordezkoak (KSHO) funtsezkoak dira ahozko hizkuntza urria edo ez oso funtzionala duten ikasleen komunikazio-oztopoak ezabatzeko.