Sormena eta irudimena

Sormena gizaki guztiok dugun ahalmen bat da. Gaitasun handiak dituzten pertsonengan, ordea, ezaugarri hau asko nabarmentzen da. Oso txikitatik antzeman daiteke, eta hainbat modu eta mailatan agertzen da. Clark‐en (2008) arabera, gaitasun handiko pertsonei dagokienez, sormenari bere osotasunean heldu behar zaio: ikuspegi kognitibo, emozional, fisiko/sentsorial eta intuitibo batetik.   Adimen‐gaitasun handiko ikasleek honako ezaugarriak izan ohi dituzte:  

  • Jakin‐mina. Oso txikitandik gauzak behatzen eta aztertzen dituzte, edo etengabe galderak egiten dituzte. Gauzak jakiteko eta zalantzak argitzeko gogo handia dute. Gainera, beren adinarekin bat ez datozen galderak egiten dituzte. Sarritan, ernegatu egiten dira beren galderei ez bazaie azkar erantzuten, eta horrek familiak edo irakasleak gogai ditzake.
  • Originaltasuna. Ideia berriak sortzen dituzte.  
  • Oso irudimen aberatsa dute. Gauzei heltzeko eta gauzak egiteko beste modu batzuk bilatzen dituzte. Oso trebeak dira istorioak irudikatzen eta sortzen, irtenbide originalak proposatzen.
  • Pentsamendu arina dute; ideiak eta ezagutzak erraz uztartzen dituzte. Gai baten aurrean mota askotako proposamenak eta erantzunak eman ditzakete.
  • Hainbat arlotako ezagutzak bateratu eta zereginen bat egiteko erabil ditzakete.
  • Gauzen edo arauen zergatia jakin nahi dute.
  • Amaierarik gabeko egoerak irudikatzeko edo istorioak asmatzeko erraztasuna dute.
  • Finkatutako ereduak, arauak eta ohiturak alde batera uzteko gai dira, eta proposamen ausartak eta independenteak egiten dituzte.
  • Gauzak ikertzeko joera dute eta baliabideak beste modu batera erabiltzen dituzte. Mota askotako interesak izan ohi dituzte, eta batzuetan, interes horiek ez datoz bat beren lagunenekin.
  • Itxurazko gauzetatik harago ikusteko gai dira.

Haur hauek mundu artistiko eta figuratiborantz bidera dezakete beren sormena: musika, eskultura, pintura, antzerkia, etab. Hala ere, sormena beste arlo batzuetan ere isla daiteke: ikerketa, mekanika, asmakuntzak, gauzak ezohiko moduan egitea, ikasgelan egiten dituzten lanak, janzkera, jolasak, etab.