AGHN detektatzeko eta identifikatzeko prozesua

Ikasgeletan, askotan, oso aktiboak diren ikasleak, arreta jartzeko edo/eta portaera kontrolatzeko (ondorioa zein izango den pentsatu gabe jardun dezakete) zailasunak dituzten haurrak izaten ditugu.

Normala da ikasle hauek kontzentratzeko arazoak izatea eta une batean edo bestean portaera egokia ez izatea. Hala ere, kasu batzuetan jokabide horiek deigarriagoak dira eta denboran zehar mantentzen dira. Arazo horiek jarraitzen badute, larriak izan daitezke eta zailtasunak eragin ditzakete eskolan, etxean edo lagunekin.

AGNHren adierazpenak lehen hezkuntza hastearekin batera agertu ohi dira. Horren arrazoia da, eskolatzearen lehen urteetan, ohitu gabe dauden eskari batzuk eskatzen direla:

  • Eserita denbora luzez egotea
  • Ordutegi egituratuagoak izatea
  • Etxean etxeko lanak egitea
  • Bere buruaren gaineko arreta eta kontrol handia mantentzea

Beraz, garrantzitsua da arazo horiek detektatzea eta esku-hartze goiztiarra hastea, porrot akademikora iritsi baino lehen, autoestimu-arazo larriak agertu baino lehen eta harreman sozialetan eragin handia izan baino lehen.

Gainera, AGNHren susmoaren aurrean, eta tutore-familia-pediatra irakasleen koordinaziotik beharrezkotzat jotzen bada, identifikazio-prozesu bat hasi behar da. Behin betiko diagnostiko klinikoa profesional medikoek egingo dute (neuropediatra, haur-psikiatra, psikiatra edo neurologia). Eta beharrezkoa izango da ebaluazio psikopedagogikoa egitea hezkuntza-eremuan, ikaslearen hezkuntza-premiak identifikatzeko eta horiei erantzuteko hezkuntza-jarduera egokiak ezartzeko.

Detekzio eta identifikazioan parte hartzen duten eragileak

AGNH identifikatzea zeregin konplexua da, eta hainbat eragilek hartzen dute parte. Hezkuntza-komunitateak eta familiak lankidetza estuan lan egin behar dute, eta prozesu horretan informazio erabilgarria eta beharrezko elementuak eman behar dituzte, prozesua egokia izan dadin.

  • Familia. Hark helarazitako informazioak garrantzi handia du ikasle horien detekzioan, esku-hartzean eta ebaluazioan, haiek ezagutzen baitituzte ondoen beren seme-alaben ezaugarriak.
  • Irakasleek. Hauek ezagutzen dute ondoen haurren funtzionamendua eskola-eremuan; beraz, eskola eta gela testuinguru egokiak dira ikasle horiei buruzko datu eta informazio baliotsuak biltzeko. Horretarako, irakasleek ikasleen behaketa sakona eta sistematikoa egin behar dute, dituzten zailtasunak antzeman ahal izateko. Behaketa horiek portaerei eta egoera emozionalari buruz nahiz ikasleen ekoizpenei buruz egingo dira.
  • Irakasle aholkulariak/orientatzaileak. Prozesu osoa gidatuko du, eta ikasle horiekin lan egiten duten profesional guztiak koordinatuko ditu, bai prozedurari dagokionez, bai hartu beharreko erabakiei dagokienez.

Halaber, inklusioari laguntzeko beste profesional batzuk ere eskatu ahal izango dira prozesu honetan, prozeduraren xede diren ikasleekin duten inplikazio-mailaren arabera.

  • Ikaslea.Ahal den neurrian, prozesuan inplikatuta egongo da.
  • HLBPen aholkularitza. Detekzioan eta identifikazioan parte hartzen dutenez, irakasle aholkulariekin eta orientatzailearekin batera, testuinguruaren araberako ebaluazioan eta hezkuntzako esku-hartzeari buruzko aholkularitzan eta prestakuntzan lagunduko dute.
  • Kanpoko zerbitzuakOsasun-arloko profesionalek diagnostiko klinikoa egiten esku hartuko dute, hala dagokionean. Gizarte-zerbitzuak, arrisku psikosozial handieneko kasuetan esku hartuko dute. Behar izanez gero, esku hartzeko plan bat egiteko beharrezko koordinazioa ezarriko da bi zerbitzuekin.

AGNH identifikatzeko prozesuaren faseak

I.FASEA: Ikasle guztien irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipen sistematikoa

Irakasle tutoreek behaketa sistematiko bat egiten dute ikasleak AGNH izateko arriskuan egon daitezkeela adierazten duten seinaleak detektatzeko. Era berean, zailtasunak detektatu ondoren, esku-hartzea planifikatzen da lortutako informazioaren oinarrituta.

Jarraian aurkezten diren itemak alerta-seinaletzat edo arreta-arazoen, inpultsibotasunaren eta hiperaktibitatearen adierazletzat hartzen dira, baldin eta:

  • Bere adinerako espero baino intentsoagoak izatea (funtzionatzeko zailtasunak sortzea)
  • Bizitzako hainbat arloretan eragina dute (ikastetxean, etxean... agertzen dira)
  • 6 hilabete baino gehiagoz luzatzen dira
  • Ezin dira beste zailtasun edo nahasmendu batengatik agertzen. 

ALERTA SEINALEAK · ADIERAZLEAK

  1. Eguneroko errutinak jarraitzea kostatzen zaio (berokia jartzea/zintzilikatzea, ilaran jartzea...)
  2. Zailtasunak ditu materialaren antolaketan (apalategian, mahaian...)
  3. Azalpen orokorretan galdu egiten da eta zereginen burutzean akats asko egiten ditu konturatu gabe.
  4. Zailtasunak ditu bere lekuan eserita denbora laburrean egoteko.
  5. Lanak garaiz hasi eta amaitzea kostatzen zaio.
  6. Zailtasunak ditu denboraren kontzientziarekin: jolas orduaren aurretik/ondoren, bazkalostean, asteko egunetan...
  7. Zailtasunak ditu egunean zer egin duena kontatzeko: zer jan duen, zer egin duen...
  8. Egunero egiten dituen joan-etorri laburretan despistatzen da: azkena geratzen da, ilaratik irteten da...
  9. Zailtasunak ditu taldearen erritmoa jarraitzeko: txandak itxaron, hitz egiteko txanda errespetatzea, mugitu beharra izaten du, materiala erortzen zaio...
  10. Askotan, gatazkak izaten ditu ikaskideekin.
  11. Taldeko jardueretan parte hartzea kostatzen zaio.
  12. Etapa berrira (Lehen Hezkuntzara) ondo egokitzea kostatzen ari zaio.

 

Adierazle horiek, batetik, esku-hartze maila doitzeko beharraz ohartarazten gaitu irakasleak (intentsitate eta maiztasun handiagoa eta talde txikian), eta, bestetik, alerta-sintomak hautemateko ere balio dute, arreta edota hiperaktibitate eta inpultsibotasun mailetan.

Arriskuan detektatutako ikasleei Jarduera Plan Pertsonalizatua egingo zaie. 

Lan hori lehentasunez irakasle tutoreek egingo dute, irakasle aholkulari edo orientatzaileekin lankidetzan.

 

II. FASEA. Detekzio espezifikoa eta esku-hartzea

Ebaluazioak eta esku hartze sistematikoek hartzen ditugun neurriei erantzuten ez dieten ikasleak detektatzeko aukera ematen dute, hau da, esku hartzearen aurrean erresistentzia adierazten dutenak. Beste modu batean esanda, kalitatezko eta jarraipen zurrunago duen hezkuntza erantzun bat jasotzen duten ikasle batzuek, ez dute esku-hartzearen aurrean behar bezala erreakzionatzen.

Kasu horietan, irakasle aholkulariak edo orientatzaileak detekzio espezifikoagoa egingo du. Horretarako tresna hau egokia izan daiteke: Escala para la Evaluación del Trastorno por Déficit de Atención con Hiperactividad (EDAH, Farré, A. y Narbona, J. 1998, 2003). Detekzio espezifikoan balizko AGNH bat dagoela egiaztatzen denean, berehala aktibatzen da ebaluazio psikopedagogikoa.

eskala eskuratu

 

III.FASEA. Ebaluazio psikopedagogikoa eta diagnostiko klinikoa 

Ebaluazio psikopedagogikoa ezohiko prozesua da, eta identifikaziorako prozedura osatzen du. Ebaluazio psikopedagogikoa egiteko, irakasle aholkulariek edota orientatzaileek eta HLBPko aholkularitzek esku hartuko dute. Osasunaren arloko profesionalei dagokie diagnostiko klinikoa egitea Hezkuntza-Osasun Mentalaren Lankidetzarako Oinarri Orokorra dokumentuan jasotako eskemari jarraituz.

Txosten diagnostikoak zerbitzu mediko edo gabinete psikologiko pribatuetatik etortzen direnean, horietan ikasleari egin zaizkion proben zerrenda, emaitzak eta horien karatulak (kolegiatu-zenbakia, zigilua eta sinadurarekin) adierazi beharko dira. 

 

IV. Fasea. Eskuhartzea eta jarraipena

Esku hartzea  hasiko da haurrak ikasteko, edota arreta zailtasunak, edota zailtasun sozioafektiboak dituela ohartarazten duten seinaleak ikusten direnean.